Prestatu zure negozioa itzulerarako


Hona hemen zure estrategiak doitzeko eta zure negozioak aktibo jarrai dezan ikuspegi berriak probatzeko, inspirazio-iturri izan daitezkeen marketin-ideia batzuk:

Prestatu zure negozioa itzulerako.

Etxean egon behar izan duzunean egin duzun bezalaxe, arintze egoera ere aukera gisa hartu. Gaur egiten duzunak eragina izango du hurrengo hilabeteetako emaitzetan, “normaltasuna” itzultzen denean edo, behintzat, neurriak gehiago moteltzen direnean.

Tokiko ekonomia inoiz baino garrantzitsuagoa bihurtuko da.

Leku aldatzeak eta bidaiak murriztu egin direnez etxetik irtetean, hurbileko zerbitzu eta hornidurak bilatuko ditugu, orohar. Posible da zure dendara, tabernara, jatetxera edo zerbitzu negoziora orohar, lehen hurbiltzen ez zen bezero hura hurbiltzea.

Beraz, garrantzitsua da, tokiko SEO estrategiak erabiliz, hurbileko bezeroek zure negozioak duen eskaintza erraz aurkitzea .

Gainera, krisi honetan negozioaren ospearen kudeaketa ere oso garrantzitsua izango da. Une, zenbaitetan estresagarri, hauetan zerbitzu edo produktu egokia eman izana positiboki baloratuko dute zure bezeroek.

Ziurtatu zure negozioa on line aurki daitekeela.

Leuntze faseetan oraindik zure negozio fisikorako trafikoa ez da lehen bezalakoa izango, ezta gutxiagorik ere. Baina kontutan izan, orain inoiz baino pertsona gehiago daudela linean. Denok lehen baino gehiago erabiltzen dugu internet-a. Informatzeko, entretenitzeko, ikasteko, denbora pasatzeko… Eta honek linean erostea ere esan nahi du batzutan.

Beraz, zure negozioak Google-en emaitzen goiko aldera igo behar du, zure bezero potentzialek aurki zaitzaten. Bilaketaren lehen emaitzetan agertzea ez da lan erraza; zure negozioaren webgunea eta haren edukia optimizatzen ez baduzu, bilaketaren emaitzetan lekua galduko duzu. Lehen aipatu bezala tokiko SEO estrategiak erabiltzea garrantzitsua da baina aukera bikaina da baita ere, enpresek online publizitatea erabil dezaten bezeroekin konektatzeko. Sare sozialetako publizitatea (Social Ads), adibidez, emaitza onak lortzeko balio handiko baliabideak dira.

Krisi baten aurrean, normala da kostuak murrizten saiatzea, eta tentagarria izan daiteke marketin-aurrekontuetatik hastea. Baina lanketa hau ez egitea kaltegarria izan daiteke zure negoziorako.

Hala ere, tentuz jokatzeko gomendatzen dizut, enpresa-erabakietan, izuaren ondorioz hartzen diren sen-erreakzioak arriskutsuak izan daitezke eta. Marketin digital estrategia bat ezartzeko, metrikak erabili behar dira eta eskura dauden datuak aztertu erabakiak hartu aurretik.

Jarraitu zure webgunea eta haren edukia sortzen, zaintzen eta optimizatzen.

Orain denbora gehiago baduzu, ahanzturan erori diren lan digital horiei ekin diezaiekezu.

Agian, zure webgunea eraiki edo eguneratu, zure marketin-estrategia berrikusi, joera berriak ikertu, edo zure lana optimizatzeko tresna digitalekin ohitu.

Merkataritza elektronikoko gune bat baduzu, kontutan hartu beharko duzu orain Interneten lehen erosten ez zuen jendea edo Internet erabiltzeko ohiturarik ez zuen jendea egon daitekeela, mundu digitalarekin ohituta ez dagoena eta bere dinamikak ulertzeko denbora beharko duena.

Hortaz, zure lekua eguneratzean, pentsatu horietan; produktuaren deskribapenek, argazkiek eta bideoek, pertsonei produktuaren irudi zehatza lortzen lagunduko die, baina zure lekuan ondo maneia daitezen ere  kontutan hartu beharko zenuke, nabigagarritasuna zainduz eta erosteko aukera badute nola egin behar duten azalduz.

Ikuspuntu logistikotik, bezeroak jarraipen hobea egin dezan informazioa eguneratzea ere ezinbestekoa izango da, zintzotasunez jokatuz, bidalketen urritasunaz edo atzerapenez informatuz.

Halaber, eskaera handiko produktuetarako itxaron-zerrenda bat edo saldu aurreko sistema bat sor dezakezu.

Eutsi sare sozialetan bezeroekiko duzun konexioari.

COVID-19ak eragindako krisiak gure bizitzan duen eraginari aurre egiten ari da gizartea. Denok behar dugu laguntza, ulermena, enpatia.

Komunitateek elkar behar dute, eta sare-sozilaek horretarako aukera  ematen dute.

Inguruabar bereziek eskaintza bereziak egiteko aukera eskain dezakete.

Jende asko eskaintza berezien eta deskontuen bila dabil, ziurgabetasun-garaian dirua aurrezteko.

Deskontu bereziak zure bezeroekin elkarreragiteko eta diru-sarreren fluxuari eusteko modu bat izan daitezke.

Eskaintza horiek publizitatearen, sare sozialen edo posta elektronikoaren bidez bidal ditzakezu.

Etengabe egoerara moldatzen joateko prest egon.

Une honetan, bezeroekin berkonektatzeko eta garrantzitsuak izateko moduak aurkitu behar dira.

Horrek esan nahi du eredu berriak aurkitu behar direla zure negozioa, ahalik eta lasterren, egungo egoerara eta krisiaren konponketan aurrera egin ahala sortzen diren aldaketetara egokitzeko.

Argi dago orain digitalki ikusteko unea dela, marketin tradizionaleko beste modu batzuk biderik ez dutelako.

Gure negozioa urruntze sozialeko neurrietara edo osasun-arau berrietara nola egokitu ahal izango dugun pentsatzeaz gain kontutan hartu behar da krisi honen ondorio ekonomikoek kontsumitzailearen poltsikoari nola eragingo dioten, zer produktu eskatuko dituen eta zer prezio jasango dituen.

Egokitzeko gaitasun handiagoa erakusten duten negozioek aukera gehiago izango dituzte eta indartu egingo dira beren ikuspuntuak aldatzen ez dituztenek baino. Animo eta eutsi goiari!

Negozio txikien maskarak

COVID-19aren eragin ekonomikoa suntsitzailea izaten ari da enpresa askorentzat, negozio txikientzat bereziki, hala nola, ETEentzat, taberna eta jatetxeentzat, denda askorentzat eta zerbitzu-negozioentzat orohar.

Etxeko leihotik begira, kaleetako isiltasunak ikaratu egiten nau askotan. Hala somatzen dut nere burua, beldurti batzuetan, arduratuta besteetan, edo zalantzati… mesfidati. Sorginzulo batean harrapatuta. Zer gertatuko da bihar, zer, hau guztia bukatzen denean? Eta bitartean?

Baina ez dut behea jo, ez. Gizakiok (denok) muturreko uneetan aktibatzen den balbula sekretu bat dugulako edo, ez dakit. Eta bi aldiz pentsatu gabe, galderak egiten hasten naiz eta erantzunak bilatzen… Ze neurri hartu beharko nituzke berehala, datorren astean, bi aste barru eta hilabete barru, nire enpresari aukera berriren bat eskaintzeko? Zer egin nezake nire negozioa bide egokian jartzeko?

Galderak egitea beharrezkoa da, baliagarriak baitira erabakiak hartzeko. Zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta hobeak izango dira erantzun gisa sor daitezkeen ideiak, eta egokiagoak hartzen diren erabakiak. Eta hasi naiz estrategiak lantzen, hasi naiz irakurtzen, aztertzen, idazten, ikasten, irudiekin jolasten… Bizirik irauteko nere maskara berdaderoa josten.

Kanpoan ere hala somatzen ditut besteak. Enpresa txikiak, tabernak, jatetxeak, dendak, ileapaindegiak, eta mota guztietako zerbitzu negozioak. Bat-batean, mundua gelditu egin da, eta herriko negozio txiki guztiak borrokan ari dira bizirik irauteko nork bere maskarak josten.

Baina zer gertatuko da?

Negozio txikiek ateak zein egoeratan irekiko dituzten imajinatzea zaila egiten zait. Izan ere, ez dut uste lehengo egoera berera itzuliko garenik, batetik “normaltasuna” berreskuratzeko bidea luzea izango dela iragartzen dutelako, eta bestetik, kontsumitzeko era ere aldatu egingo dela uste dudalako.

Krisiak zenbait aldaketa eragingo ditu ezinbestean.

Lokalei dagokienez, adibidez, espazio antolaketa aldatu egingo da. Urruntze sozialak, dudarik gabe, jatetxeetan, tabernetan, dendetan eta zerbitzu negozioetan eragina izango du, eta modu zabalagoan antolatu beharko dira espazioak. Edukiera ere kontrolatzen hasiko dira eta zerbitzariaren, tabernariaren edo saltzailearen eta bezeroaren arteko harremana, murriztu egingo da. 

Negozioak agian eskaerak jasotzeko leku bihurtuko dira, auskalo, makina saltzaile handien moduan. (Gaitzerdi hala balitz, txikizkako “saltzaileek” bidalketa gastuak aurreztuko ahal izango lituzkete horrela eta bezeroek produktuak modu “seguruan” eskuratu ahal izan lituzkete).

Segurtasun eta higiene neurriek ere lehentasuna edukiko dute. Espazioak garbi mantentzeko, eta segurtasuna bermatzeko neurriak ezarriko dira. Produktuak biltzeko edo entregatzeko material eta aukera berriak ere sortuko dira, seguraski.

Eta ordaintzeko modua ere alda daiteke. Aplikazioen edo mugikorraren bidezko ordainketak ohikoagoak bihur daitezke kontakturik gabeko ordainketa-irtenbide gisa: giltzatakoak, betaurrekoak, eskumuturrekoak, smartphone-ak…

Lokalaren eremu batzuk berriz diseinatzea ere eragingo du krisiak. Probalekuek, itxarongelek, komunek, eskaerak jasotzeko eremuek… nolabaiteko protagonismoa hartuko dute eta segurtasun eta garbiketa protokoloetara egokitu beharko dira.

Krisiak kontsumitzaile berri bat ere sortuko duela iruditzen zait. Baliteke, negozioek kontsumitzailearen konfiantza berreskuratu behar izatea. Kontsumitzaileak segurtasuna, konfiantza eta komenigarritasuna bilatuko baititu, eta negozioak bere arazoetara egokitzeko hartu dituen neurriak eta izan duen jokaera baloratuko dituela uste dut.

Aurrerantzean kontsumo-modu berrietara egokitutako negozio-eredu berriak sortuko dira ezinbestean.

Negozio txikiak aldatu egingo dira. Bezeroarekiko harreman zuzenean oinarritutako sektoreak bere burua berrasmatu beharko du urruntze sozialera egokitzeko.

Gakoa, kontsumo-esperientzia berrasmatzean dagoela uste dut. Kontsumo-ohituren aldaketak eragina izango baitu bezeroek bilatzen dituzten esperientzietan.

Funtsezkoa iruditzen zait krisi egoera honetara egokitzeko, eraldaketa digitala edo, gutxienez, digitalerako trantsizioa oso kontutan hartzea.

Seguraski hemendik aurrera, txikizkako edozein negozio fisikok on line negozioarekin konektatuago egon beharko du, “salmenta” elektronikoa egiteko. Digitalizazioa eta nonahikotasuna erabakigarriak izango dira lehiakor izateko.

Zer etorriko den irudikatzea zaila da. Eta egon litezkeen aukerak imajinatzea ere ez da batere erraza. Horretarako, beraz, eta hasteko zenbait gauza lantzen has gintezkeela proposatu nahi dut. Ingurura begiratu eta aztertu, ikasi. Elkarrengandik ikasiz eta elkarri lagunduz.

-Zer ari da gertatzen nire enpresa-ekosistematik kanpo?

-Zeintzuk dira merkatuaren portaerak eta zer egiten dute beste enpresa batzuk?

-Eta nire ekosistemaren barruan, zer ari da gertatzen? Nola ari dira erantzuten nire bezeroak, zer mehatxu eta ze aukera sor daitezke hemendik aurrera?

-Zer egin dezaket egokitzeko?  Zeintzuk dira nere bezeroen arazoak? Eta zeintzuk haiek konpontzeko nik eduki ditzakedan aukerak?

Argi dago, guztion onerako, enpresek, txikiek bereziki, funtzionatzen jarraitu beharko dutela, eta txikizkako negozioak, tamaina guztietakoak bezalaxe, dagokion eszenatokira egokituko beharko direla.

Storytelling-a

El relato es hoy la herramienta de comunicación más poderosa. –ANTONIO NÚÑEZ

Storytelling-a komunikatzeko erabiltzen den disziplina bat da. Disziplina diot, baduelako teknikatik zati bat eta artetik beste bat. Berrikuntzatik ez du batere, ordea, gure arbasoen kobazuloetan eta gure amamen mantaletan bazen eta storytelling-a. Gaur egun ere, komunikazio tresna garrantzitsua izaten jarraitzen du.

Storytelling-ak hartzailea inplikatzea eta emozio jakin bat sorraraztea bilatzen du.

Storytelling-a, marka-ikuspegi kolektibo osoa eraikitzeko kontakizuna eraikitzea da. Ez besterik gabe istorioak kontatzea, erabiltzailearengana hurbiltzeko komunikazio-diskurtso bat sortzea baizik.

Erakunde, enpresa edo administrazio baten beharrak ase ditzakeen aldaketa positiboak eragin ditzake. Motibazioa, konpromisoa eta parte-hartzea hobetzen ditu, nortasun-sentimendu bateratua sortuz, komunitatea sortuz, alegia.

Storytelling-ak portaerak aldatzen lagun dezake. Komunikazioa eraginkorragoa bihurtzen da eta transmititu nahi diren mezuak entzutea, ulertzea, onartzea eta gogoratzea errazten du. Kontakizuna eraikitzen laguntzeaz gain, audientzia ulertzeko eta bere beharrak ulertzeko aukera ere ematen du. Ereduak eta erreferenteak aztertuz barneko eta kanpoko gatazkei erantzuteko estrategiak lantzen ditu.

Edozein kontakizun egiten hasteko, entzute aktiboa ezinbestekoa dela uste dut. Batetik, enpresaren beharrak zein diren ondo identifikatu behar dira; eta bestetik, enpresa horren audientzia zein den ezagutu behar da, dituen beharrak, nola jokatzen duen, zergatik, dituen motibazioak, nola pentsatzen duen etab. ikertu behar da. Publikoaren azterketa osatuko da horrela.

Publiko bakoitzari egokitutako mezua sortzeko, hitz egin baino lehen entzutea oso garrantzitsua da, beraz.

Ondoren, mezua eraiki behar da. Zer komunikatu nahi den eta nori jakinarazi nahi zaion argitu ondoren, informazioa nola antolatu erabaki behar da. Ematen diren mezu guztiek eraikitzen dute kontakizuna. Gertaeren ordenak, erabiltzen den estiloak, tonoak, edo eta irudi bisualek, adibidez, erabat baldintza dezakete kontakizuna. Elementu-aukeraketa horrek guztiak koherentea izango den mezua eraikitzen lagunduko du.

Izan ere, koherentzia funtsezkoa baita. Mezu guztiak bat datozela egiaztatu behar da etengabe. Hartzaileak inkoherentziak hautematen baditu, bilatzen den efektua kontrakoa izan daiteke eta. Markak sortzen duen kontakizuna bat etorri behar da bezero-esperientziek osatzen duten kontakizunarekin.

Ezagutzen al duzu zure bezeroen esperientzien kontakizuna?

Teknologiaz eta arretaz

background-2492010_1920

Sarea, uneoro berritzen den informazio topagunea da. Informazio asko dago eta informazioa kontsumitzeko era ugari.

Komunikazioren digitalizazioak informazioa jasotzeko aukerak gehitzea ekarri du. Eta informazio hori asimilatu, klasifikatu, konparatu eta monitorizatu egin behar izaten da.

Informazioa prozesatzeko gure gaitasuna mugatua da, eta edukien aukeraketa egin behar dugu ezinbestean. Arretak egiten du hori. Eta gizakia gizaki denetik, horretarako trebatuta egon da.

 Baina zer gertatzen da gaur egun?

 Desoreka izugarria gertatu da. Informazioa jasotzeko gure gaitasuna berbera da, baina eskuragarri dugun informazio kopurua biziki hazi da.

Publikoa informazio interesgarri eta garranztitsua eskeiniz asebetetzea bilatzen da etengabe. Eta hala kontsumitzaileak bere arreta eskeintzen du trukean.

Arreta ondare urria bihurtu da gaur egun, eta gure arreta eskuratzeko leihaketa bizian dihardute web horri eta aplikazio gehienek. Egileek oso ondo dakite zer egin, eta zergatik. Gizakiaren portaera aztertzen dute eta psikologian oinarritzen dira.

 Barruraino sartzen denak irabazi egiten du

Gure aisialdiaren zati handi bat eurei eskeintzea lortzen dute aplikazio hauek. “Hori -sare sozialetako sortzaileek hala aitortzen dute-…noizbehinka dopamina piskat bat eskeinita lortzen da, norbaitek publikatu duzun zerbait gustatu zaiola adierazteak edo jarraitzaile berri bat edukitzeak asebetetzen zaituenean, adibidez”.

Aplikazio hauetako jakinarazpenek gure arreta bereganatzen dute uneoro. Modu oldarkorrean erantzuten diegu.

Eta nik aitortu beharra daukat, sare horietan harrapatuta sentitu izan naizela. Beste norbaitekin egonda mugikorraren adierazpen bati erantzuten diotenen artean ikusi izan dut nere burua maiz. Eta lotsa galtzea da hori, badakit. Hurbilenekoekin egin dut gainera. Ohartu naizenean damutu arren berandu izaten da. Egin dut ordurako. Kontrolik gabeko egoera izaten da.

Edozein momentutan egiten ari garen horrekiko arreta hautsi egiten dela somatzen dut askotan.

Sareak gauza asko jakin edo ezagutzeko aukera ematen digu, eta sare sozialek gauza horiek denbora errealean jakiteko aukera eskeintzen digute. Horregatik informazioa galtzeko beldurra (ingelesez FOMO: fear of missing out) gaur egungo arazo larri bihurtu dela diote zenbaitek.

Arazo honen ondorio zuzena gainezka egitea izaten da askotan. Eta hala sentitu izan naizela ere aitortu behar dut. Askotan nahiko nukeen edo beharko nukeen informazio guztia prozesatzeko gai ez naizela sentitu dudalako. Izan ere, dagoena eta ez dagoena ere kontsumitu nahi izaten dugulako. Ez da dugu denborarik.

 Denbora faktore erabakigarria bihurtzen da gaur egun

Komunikatzea errazagoa eta erosoagoa da orain. Denbora gutxi behar da. Berehalakoa da.

Baina berehalakotasun horrek badu bere arriskua, askotan egiten ari garen hori alde batera utzi eta gauza berri bati ekiten diogulako. Ezin du itxaron.

Bestalde, denbora falta zaigula uste dugun sentsazioak neurrira egindako edukiak kontsumitzera ere bagaramatza. Gure interesekin bat datorren informazioa bilatzen dugu, eta laburra bada hobe. Gainera askotan aukeraketa bera ere beste norbaiten esku utzi izan dugu eta Facebook edo Twittereko kontaktuak erabiltzen ditugu kontsumituko dugun informazioaren aukeraketa egin diezaguten.

Teknologiak abantaila ugari ditu, baina erabilera konszientea egin behar dugu. Bestela arazoak sortzen ditu, harrapatu egiten gaitu.

Neurriak hartu behar ditugu ezinbestean.

Ohitura hobeak garatu, arduratsuak izan eta gure arretaren kudeaketa gure kabuz egin. Horrela gure bizitza guk kontrolatuko dugu. Ez al zaizu iruditzen?

Zer da komunikatzea?

tent-548022_1920

Komunikatzea zuk nahi duzun hori besteari adieraztea da. Batzuetan hitzez, beste batzuetan irudiz, eta beste batzuetan ekintzen bidez. Jakin dezan. Ezagut zaitzan. Komunikazioa, harremana da.

Harremana eduki nahi baduzu komunikatzea funtsezkoa bihurtzen da. Eta komunikazio hori zaintzea, ezinbestekoa.

Zergatik?

Markak harremana izan behar du publikoarekin ezinbestean. Lehen urrats batean ezagutu dezan behintzat. Publikoak jakin egin behar du. Eta jasotzen duen horrekin ezagutzen du marka. Irudi bat egiten du beretaz. Batzutan eman nahi den irudia izango da, baina beste batzuetan ez.

Komunikazio egokiak marka irudi egokia sortzen laguntzen du.

Marka irudia

Marka irudia eta marka nortasuna edo identitatea kontzeptuak bereiziko ditugu lehenengo.

Marka nortasuna, marka eraikitzen duten elementuak dira. Gainontzeko marketatik bereizteko balioko dioten printzipioek, balioek, posizionamenduak eta identitate korporatiboak osatzen dutena.

Marka irudia, aldiz, publikoak edo kontsumitzaileak markak proiektatzen duenaren inguruan daukan pertzepzioa da. Marka edo enpresari buruz sortzen duen iritzia, jasotzen dituen mezu guztien emaitza. Izan ere, markak kontsumitzailearengan emozio edo sentipeak eragiten ditu.

Zergatik da garrantzitsua marka irudia?

Marka irudia, izan litezkeen bezeroengana iristeko giltza da. Markaren inguruan sortu duen iritziak baldintzatuko du kontsumitzailearen jarrera, eta erabaki bat edo beste bat hartzera bideratuko du.

Zer eta nola transmititzen dugun da gakoa. Komunikazio egokiak marka irudi egokia sortzen du. Izan ere, batzuetan ez dator bat eman nahi dugun irudia eta benetan publikoak jasotzen duena.

Zein da zure marka irudia?

Uharak hasi du bere bidea

twitter bidea

 

Elkarrekin lan egin, elkarrengandik ikasi eta sortu.

Komunitatearekin konektatzeko laguntza behar duten enpresa, erakunde, elkarte etab.ekin lan egitea da nire xedea, elkarrengandik ikasi eta marka posizionamendua hobetzen laguntzeko komunikazio egokia sortzea, alegia. Kanpo eta barne komunikazioa. Kanpora begirako komunikazioa bezain garrantzitsua baita barne komunikazioa.

Komunikazio behar zehatz eta puntualei erantzuteaz gain, planteamendu berriak egin eta egon litezkeen arazoak identifikatzea da helburua, lan estrategikoagoa eginez, bezeroarekin gehiago konektatuz.

Arimadun komunikazioa eta marketina.

Emozioa sentitu eta emozioa transmititu.

Kontsumitzailea arrazoitzeko gaitasuna duen izaki emozionala da (eta ez alderantziz).

Bidea elkarrekin egingo al dugu?